2010/02/28

SAGARLASTERRA

 

Korrika eta parranda egitea bateragarriak direlako,  datorren larunbatean Hernanin lasterketa bitxi bat. Eta zertan datza bitxitasun hori? Bada herri lasterketa honen aurreko edizioetan korrikalariek sagar bat zeramaten eskuan. Eta korrika egin ondoren,  zintzurra freskatzera sagardo goxoz.  Ziur toki gutxitan aurkitzen duzula hango bezalako giroa.

Izena emateko:   herrikrossa 

2010/02/25

ELKARRIZKETA


   Duela gutxi, herriko neska batzuk elkartu dira goizetan korrika egiteko. Haiengana jo dugu  beraien asmoen berri eman diezaguten.

Zer dela eta animatu zarete korrika egiten hastera?

Dena hasi zen Burlatako San Silbestre egunean. Ez genuen pentsatuta korrika egitea, baina  bukatu zen haurren lasterketa  eta gogoekin geratu egin ginen. Bat hasi zen esaten, “zergatik ez dugu guk parte hartzen, berdin da bukatzen ez badugu, importa dena giroa da”, eta horrela izan zen. Ez genuen uste lasterketa bukatu behar genuenik, baina oso sentipen ona geratu zitzaigun eta hortik atera zen korrika egitearena.

Nortzuk eta noiz biltzen zarete?

Printzipioz lau amatxo gara gelditzen garenak (asteazken eta ostiraletan), Asun, Edurne, Idoia eta Olga, hemendik aurrera Amaia ere animatuko da, berak gainera denbora bat darama korrika egiten. Ordutegi hori oso ongi etortzen zaigu guztioi (haurrak eskolan sartu bezain pronto), gero gure gauzekin jarraitzeko astirik ere badugulako, gainera gutxiago kostatzen zaigu behin kalean egonda eta txandalarekin. 

Olgak 10-10:30etatik aurrera egiten du lan, Idoia txandaka dabil lanean, beraz egun batzuetan piper egiten du, Edurne beti arratsaldez dabil lanean, beraz beti elkarten gara bat edo beste korrika egiteko. Berokiak Axularren uzten ditugu eta bide batez luzaketak han bertan egiten ditugu.

Nolako entrenamenduak egiten dituzue?

Ateraldiak luzeago edo motzagoak egiten ditugu segun eta ze betebehar edo lan egin behar ditugun egun horretan. Korrika egiten gauden denbora guztian hitz eta pitz aritzen gara, horrela errezago suertatzen zaigu eta ez gara hainbeste nekatzen. .Olgak dio bera bakarrik atera beharko balitz ez litzatekeela animatuko, eta denak bat gatoz horrekin. Entrenamendua amaitutakoan Elkartera itzultzen gara, berokiak jaso eta berriz ere luzaketa batzuk egiten ditugu. Orokorrean goizeko 10ak baino beranduago ez zaigu inoiz egiten, luzaketak barne.

Ikusiko al zaituztegu Axular Herri Lasteketan?

 Ziurrenez Axularreko Herri Lasterketan parte hartuko  dugu, 5 km. ongi egiten baititugu,  hori bai, lasai. Mota horietako herri lasterketek fisikoki nola gauden ikusteko balio dezakete, animoa igotzeko eta era berean ere gure zaletasuna jai giroan gozatzeko aukera paregabea da.

Orokorrean, egiten dugun moduan eginda, denak oso gustura gaude, bestela arratsaldean egitearena haurrekin okerrago datorkigu, gisa honetan oso erosoa da guretzat. Norbait gehiago animatuz gero, txandala jantzi eta badakizue noiz eta non biltzen garen.

2010/02/16

SAHARA KROSA


Iruñerritik ordu eskas batera, Ormaiztegi herria dugu. Aurten laugarren aldiz Sahara Kros izeneko herri ekimena antolatu dute herri honekiko elkartasuna adierazteko.

Hitzordua, otsailaren 28an da, igandea, goizeko 11etan. Froga egiteko 10 km korritu behar dira zirkuitu bati hiru itzuli emanez, zirkuituan maldak igo eta jeitsi behar dira, eta errepidez zein  pistaz ibili behar da.

Korrika egiten ez duen lagun edo senitartekoren batek  lagundu nahi izanez gero, lasterketa amaitu ondoren, kilometro testimoniala egiteko aukera ere bada. Beraz, aitzakirik ez.
Izena emateko: 
Aldez aurretik Sahara Kros elkartearearen webgunean edo lasterketaren egun berean han bertan



2010/02/05

TUTERA

 Tuterako Maratoi Erdia
Erriberako hiriburuan, barazkien lurraldean, "Runners"  izeneko zirkuituaren hirugarren froga.
Otsailak 21a, igandea. Irteera goizeko 10etan. 
Lasterketaren informazio guztia eta izen emateko aukera: runners