2009/05/25

BERRIOBEITI

Aurreko egun batean genionez, urte sasoi honetan, lasterketak herrialdeko toki askotan aurki ditzakegu. Batzuetan, nora jo aukeratzea zaila suertatzen da, kasu, pasa den igandea. Izan ere, Urdax, Irurita edo Berriobeitin herri krossak izan ditugu atzokoan.
Iruritan lehenengo aldiz antolatzen lasterketara 40 lagun inguru bertaratu ziren, haien artean elkarteko baten bat.

Beste batzuk, berriz, Berriobeitira joan ginen. Eguraldi iragarpenek euri jasa handiak iragarri bazuten ere, ez genuen ura ikusi egunaren azken orduak arte, hori bai, egin zuen bero itogarriak eta hezetasun handiak oso giro gaitza sortu zuten lasterkarientzat.
Beste aldetik, antolatzaileek lasterketaren ibilbideak 5200m. zituela iragarri bazuten ere, jendearen denborak eta lasterkari batzuen neurgaliak ez ziren bat etorri horrekin, eta distantzia askoz luzeago izan zela ematen du.

2009/05/17

AROSTEGI-BERRIOZAR-IRURITA


Pasa berri den asteburuan batzuk sasoi onean daudela erakutsi zuten, izan ere, larunbatean Arostegin, "Bost Udaletxe" izeneko bigarren frogan, egon ondoren, Igandean ere zapatilak jantzi zituzten Berriozarko Lantzeluze Herri lasterketan parte hartzeko (sailkapenak).

Datorren astebururako berriz, Baztango lagun batzuek luzatu digute gonbitea.
Iruritan 53 urte jarraian bizikleta martxa antolatu ondoren, aurten lehendabizikoz herri lasterketa antolatzea deliberatu dute. Datorren igandean, maiatzak 24, goizeko 10´30 etan gazteentzako frogak eta 11´30etan helduentzat.
Izen ematea dohakoa da eta han bertan egin ahal izanen da lasterketa hasi baino lehen. Irteera eta helmuga herriko plazatik, ibilbidea egiteko porlanezko pistaz eta mendiko bideaz osaturiko zirkuitu bati hiru bira eman beharko zaie 7500 mt bete arte. Irabazleentzat bertako produktuekin hornituriko saskiak, txapelak eta trofeoak. Dutxak herriko frontoian.

2009/05/11

IRUÑA HIRIA HERRI LASTERKETA

Maratoi erdia hiriburuan. Bertara hurbildu ginen Axularreko zenbait lagun, batzuk partaide gisa, eta beste batzuk ikusle moduan.
Gauaren eta egunaren lehengo orduetako zaparradek giro fresko bat utzi zuten. Lasterketa arazorik gabe joan zen. Lehenego km.ak, gautxori batzuk lagundurik, alde zaharrean zehar egin ondoren, Barañaingo aldean sartu zen tropela. Hango errepide luze, bakarti eta bukaezin horiek pasa eta gero, berriz ere, hiriaren erdigunera, Larrabiden amaitzeko.
Lehendabizikoak ailegatzean, Afrikako korrikalariak izan ziren.

2009/05/06

IBAIALDE

IBAIALDE, Burlata, Atarrabia eta Uharteko aldizkaria, Axular Korrikalari Taldeari eginiko elkarrizketatxo bat dakar bere azkeneko alean. Argitalpena eskuratzeko ohiko salmenta puntuetan edo harpidetza eginez.

2009/05/04

ANTSOAIN - MUTILOA

Esaten genuenez, maiatzean aukera ezin hobea dugu Iruñerriko korrikazaleok, bertatik mugitu gabe, asteburuero lasterketa ezberdinetan parte hartzeko. Horrela izanik, pasa den asteburua luzea izan dela baliatuz, aparteko hasiera izan du hilabeteak.

Ostiralean, Antsoainen "El Charco" izeneko peñak antolaturiko XXIII. Herri Lasterketan korrikalari ugari bildu ziren. Eguna freskoegia bazegoen ere, hori ez zen arazorik izan, zirkuituaren lehendabiziko tarteak pasa ondoren lasterkariak berehala berotu ziren eta. Jotzen zuen haizearekin korrika egitearena, beste kontu bat izan zen.
Lasterketa osoan partehartzaileek aurrez zetorkien haize gogor batekin korritu behar izan zuten. Herriaren industrialdeko kale zabal eta luzeetan, haize honen bultzada areagotu egiten zela kontuan harturik, lasterketa nekagarria suertatu zen.
Hala ere, gozatzeko lasterketa bat izan zen, antolakuntzaren aldetik dena ongi lotuta, eta inskripzioaren prezioari eta zegoen giroari dagokionez, zinez, "herri" lasterketa bat izan zela esan dezakegu.
sailkapenak

Igandean, berriz, Mutiloan izan zen hitzordua. Felix eta Martin Antsoainen nekatu ez, eta Aranguren ibarrean zehar eginiko lasterketa honetara bertaratu ziren. Aurten bere III. edizioa bete duen froga honek, Ruandako bizilagunei laguntzeko dirua biltzea du helburu. Zonaldean dauden paraje ederrenetan barna ibili ahal izatea, eta goizean izan genuen eguraldi eguzkitsuarekin, igandearena korrikalariontzat askotan errepikatzen ez den aukera horietako bat izan zen.




2009/05/01

MAIATZEAN LASTERKETAK NON-NAHI

....non-nahi eta etxetik gertu edo etxean bertan. Hona hemen porposamen batzuk:

  • Maiatzak 3. Mutiloan. Goizean Aranguren ibarran Ruandarekiko elkartasunez antolatutako lasterketa
  • Maiatzak 10. Beste Iruñak antolatutako Iruñea Hiria XXVIII. Maratoi Erdia.
  • Maiatzak 17. Berriozarren Lantzeluze herri lasterketa, eta erribera aldera jo nahi izanez gero Sartagudako “Solorunners zirkuituaren” froga bat.
  • Maiatzak 24. Berriobeitiko udalak antolatua herri lasterketa
  • Maiatzak 31. Burlatan, 10etan txikiak eta 11etan helduak Axular II. Herri Lasterketa.